Maiteder eta 98ko legea
Otsailaren 18an, Maiteder unibertsitatera etorri da inklusioaren inguruan hitzaldi bat ematera. Maiteder, eskola bateko zuzendari izateaz gain, ama da. Bere semeak, gainera, aniztasun funtzionala dauka. Hori dela eta, inklusioa zer den, inklusioaren errealitatea zein den eta inklusioa egiteko moduen inguruan aritu gara.
Inklusioa, haurra gelaren parte izatea da, bertan modu aktiboan parte hartuz. Hau da, ez da nahikoa behar bereziak dituen ume bat gelan sartzearekin bakarrik, horrek ez baitu ikaskuntza bermatzen. Horregatik, gelan sartzeaz gain, bera eta gainontzeko haur guztiak kontuan hartuz, denentzako eskuragarri eta egokia den hezkuntza bermatu behar dugu.
Inklusioaren errealitateari dagokionez, harriturik sentitu gara. Alde batetik, Maitederri bere semeak behar zituen baliabide guztiak lortu eta gero eskola batean hala ere ezezkoa eman izana ez zaigu zilegi iruditu. Beste aldetik, berak bideoen bidez erakutsi digunaren arabera, errealitatean beste haurrek inklusioa sustatzen lagundu ohi dute batzuetan, eta aberasgarria eta hunkigarria iruditu zaigu. Adibidez, Maitederren semearekin beste bi lagun "Piraten etxea" kanta abesten zebiltzan; bere semea beraien jolasean eta dantzen parte dela sentiaraziz.
Modu berean, inklusioa egiteko moduei dagokienez, aipa dezakegu Maitederren semearen irakasleek rol garrantzitsua izan dutela. Esate baterako, soinketako klaseetan haurrak patinekin aritu izan dira Maitederren semearekin batera. Horrez gain, bere semeak etxera iristean egunean zehar egin duena kontatu ezin duenez, egunerokoa idazten hasi ziren, 1. pertsonan idatziz. Azkenik, Maitederren semearen zoriontasuna bermatzearren, ordutegiak ere moldatu izan dituzte, gehien bat musikako klaseak ezarriz, hura baita bere irakasgairik gustukoena.
Hau guztia dela eta, inklusioa bermatu ahal izateko hezitzaile bezala dugun garrantziaz ohartu gara eta baita egin beharreko lan guztiaz. Era berean, haurrak eta familiak zoriontsu egiteko dugun gaitasunaz ere konturatu gara. Izan ere, Maiteder (eta gutako gehienok ere) emozionatu eta hunkitu egin gara irakasle batek bere semea deskribatzeko gauza positiboak soilik erabili zituela azaltzerakoan, gurpildun aulkian dagoela esan beharrean.
INKLUSIOAREN BORROKA
NEURRIA: 14-ko berdina,
7 puntuz eta 8 silabaz osatua.
DOINUA: ETA-ren su
etenetik.
Maitederrei eskainitako
bertsoa:
Maiteder etorri zaigu
bere borroka kontatzen
guztiok joan gaitezen
inklusioaz jabetzen
hezkuntzak joan behar du
ikuspegia aldatzen
ume bakoitzak dituen
gaitasunak ateratzen
musika, eguneroko
jarduerak egokitzen
badugu zer ikasia
guztiak errespetatzen
elkarri lagundu eta
zoriontasunez bizitzen
(x2).
Ainara Garcia, Igor
Garmendia, Irati Garmendia, Marina Genua, Beronika Goitia.
Comentarios
Publicar un comentario